ARNASETIK bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa martxan

ARNASETIK bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa martxan

Arnasa Gara ekimenak euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehiaketaren edizio berri bat abiatu du.

2022ko ekitaldi arrakastatsuaren ondoren, Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa hau euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta haien egitekoa izango da euskarari lotutako istorioak kontatzea. Lehiakideen sormena pizteaz gain, lehiaketaren helburua ere bada arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea.  Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. ARNASETIK lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.

Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera, garatu ahal izango dituzte, nahiaren.

Hiru kategoria adinaren arabera

ARNASETIK bideosormen lehiaketa honen bigarren edizioa ere 10-16 urteko gazteei zuzendua dago, eta lehen edizioan bezala, aurten ere adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LHko 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak. Kontuan izanik, arnasgune asko udalerri txikiak direla, horiek ezagutarazteko ariketa interesgarria da.

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa da hau, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi duena.

Azkenik, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek Nahia modu sortzailean bideo bat sortu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz.

Kategoria bakoitzerako bideo ereduak zein lehiaketaren oinarri guztiak https://www.arnasagara.eus/arnasetik-bideosormen-lehiaketa/ atalean daude ikusgai.

Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

 

Data esanguratsuak

Azaroaren 22an izango da ARNASETIK bideosormen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Zarauzko Modelo aretoan. Gauzak horrela, gazteek egingo dituzten sormen lanak urriaren 24a baino lehen jaso beharko dira.

Bitartean, informazio gehigarria izango duzue https://www.arnasagara.eus/arnasetik-bideosormen-lehiaketa/ webgunean eta hainbat sare sozialetan.