Sormenez bete da Amasa-Villabonako Gurea Antzokia “Arnasetik” lehiaketako sari-banaketaren galan

Sormenez bete da Amasa-Villabonako Gurea Antzokia “Arnasetik” lehiaketako sari-banaketaren galan

Euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte arteko gaztetxoek 99 sormen lan aurkeztu dituzte lehiaketara, eta ostiralean jendez betetako aretoan banatu ziren sariak. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako Arnasa Gara ekimenaren barnean antolatu da Arnasetik lehiaketa.

Adinaren araberako hiru kategoriatan banatu dira sariak, eta publikoaren saria ere egon da: Azpeitia, Leitza, Idiazabal, Zarautz eta Bera herrietako gazteak izan dira irabazleak.

 Lehiaketaren bidez, bi helburu lortu nahi izan dira: arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea; eta arnasguneetako nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea. 

Irailean abiatutako Arnasetik sormen lehiaketak joan den ostiralean izan du amaiera gala, Amasa-Villabonako Gurea Antzokian. Publikoan arnasguneetako hainbat gazteren urduritasuna antzematen zen, lehiaketako sarietako bat irabazteko aukera zuten-eta. Arrakasta handia izan du euskararen arnasguneetako gazteei zuzendutako lehiaketak: 99 lan aurkeztu dituzte hiru kategoriatan. Julen Portillo youtuberrak aurkeztu du gala eta Sara Alonso musikariak parte hartu du oholtzan hainbat abesti eskainiz.

Arnasetik Arnasa Gara egitasmoak antolatutako lehiaketa izan da. Arnasa Gara 2019an abiatu zuten elkarlanean UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, euskararen arnasguneak hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.

Arnasetik lehiaketan arnasguneetako ikastetxeek hartu dute parte, bai eta arnasguneetako udalerri txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxe handiagok ere. Euskararen arnasguneak euskararen ezagutza eta erabilera maila oso altuak dituzten udalerriak dira. Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira, bertan modu naturalean bizi ahal delako, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako.

 

Ikusi ekitaldiko argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72177720303361306

500 euroko sariak

Amasa-Villabonako sari-banaketan, kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Hauexek izan dira sarituak:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian

Lana: Pasabideko kontuek

Egilea: UHAITZA taldea

Karmelo Etxegarai ikastola (Azpeitia, Gipuzkoa)

 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailei dagokien kategorian

Bi lanek berdinketa izan dute, eta epaimahaiak saria erdibana ematea erabaki du; lehen lanean egilearen freskotasuna nabarmendu nahi izan da, eta bigarrenean aldiz, erakutsitako maila teknikoa:

Lana: Ni naiz ni

Egilea: Naiara Juanikorena Mariezkurrena

Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa)

 

lana: Zer dira arnasguneak?

Egilea: Sugaar Zapirain Larrañaga

(Idiazabal, Gipuzkoa)

 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian

Lana: Sormen tailerra2

Egileak: Libe Grijalba, Indar Itsaso, Markel Arnadillo eta Maddi Gesalaga

Zarauzko ikastola (Zarautz, Gipuzkoa)

 

Publikoaren Saria

Lana: Minerva eta Mariloli

Egileak: Mikel Artieda, Nahia Etxepare, Intza Zubieta, Manex Danboriena eta Maitane Erkizia

Toki Ona Institutua (Bera, Nafarroa)

 

Gazteek egin beharrekoak

Lehiaketan hiru kategoria bereizi dira, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka bati erantzun behar izan diote.

  • Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian, haurrek etorkizun hurbilean, LHtik DBHra eman beharreko jauzian, aurkituko dituzten egoera berriak islatu behar izan dituzte beren sormen lanetan, formatu librean (marrazkian, bertsoan, poeman, bideoan, abestian…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak baitira, bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagotara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera. Guztira, 40 lan aurkeztu dira kategoria honetan.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetako ikasleen kategorian, nerabeek bideo-tutorial bat egin behar izan dute youtuber estiloan, Julen Portillo youtuber gaztearen saio bat eredu hartuta. Honetan, 52 lan aurkeztu dira.
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako ikasleen kategorian, gaztetxoei eman zaien bideo bat osatzea eskatzen zitzaien, bideoko protagonistaren galderei erantzunez. Orotara, 7 lan aurkeztu dira.

Arnasa Gara eta elkarlana

Esan bezala, arnasguneen garrantzia jendarteratzeko Arnasa Gara ekimena hiru entitatek osatzen dute: UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hiru erakundeetako ordezkariek elkarlanaren garrantziaz hitz egin zuten Arnasetik lehiaketako sari-banaketa ekitaldian.

Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak, 2019tik gaurdaino egindako bidea errepasatu du. Bere hitzetan, ibilbide hori “emankorra izaten ari da, eta emankorra izaten jarraituko du datozen urteotan ere”. UEMArentzat elkarlanean aritzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Lazkanok:  “Mezua bateratua izateak asko indartzen du arnasguneen garrantziari buruzko adostasun politiko eta soziala”.

Mikel Arregik, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ere hiru erakundeen arteko elkarlana nabarmendu du: “Aurrerantzean ere, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko elkarrekin lanean jarraituko dugu”. Ildo horretatik, eskerrak eman nahi izan dizkio UEMAri: “Eskerrik asko egindako lanagatik, eskerrik asko Nafarroan eremu euskaldunean erreferentzia izateagatik; eta emankorra izan dadila aurrerantzean ere zuekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarrekin egingo dugun bidea”.

Josune Zabalak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, etorkizuneko asmoei buruz hitz egin zuen, “elkarrekin aurrera egin” eta arnasguneetako herritarren ahotsa plazara ekartzeko nahia azpimarratu zuen: “Geure arnasguneak babesten eta indartzen jarraituko dugu gaur hemen zaudetenak gogoan, gure programa honetan parte izan duten guztiak ere bai, eta etorkizunean batuko zaizkigunei begira”.