Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk

Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk

  • Etxarri Aranatzen, arnasgune den udalerrietako baten, aurkeztu dute herritarren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen duen kanpaina
  • Zortzi bideo izango dira, bakoitzak egoera bat irudikatuko du eta ikusleek egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat egitea da helburua
  • Hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute bertaratutako agintariek

Ekimen honekin arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia ere nabarmendu nahi da. Horretarako, udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan hizkuntza-ohiturei lotutako zortzi egoera landu dituzte zortzi bideo esketxetan. Gai bakoitzeko, bideo bat. Hala, bideo bakoitzak egoera bat irudikatzen du eta kanpainaren asmoa da egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat egitea sare-sozialen bidez. Besteak beste, arnasguneetako pertsona erreferenteei (aktore, musikari, kirolari) elkarrizketak egingo zaizkie, gaiaren inguruan hausnartzeko. Kanpainak zortzi aste iraungo ditu, martxoaren 22tik maiatzaren 16ra bitarte, eta aste bakoitzean gai bat izango dute hizpide.

Kanpainaren euskarri nagusia zortzi bideo labur dira (minutu batekoa bakoitza), eta esketx erara bertan lantzen diren diskurtsoak, batez ere, arnasgune edo eremu oso euskaldunetako herritarrei zuzenduta daude. Dena den, “Arnasa Gara” ekimenak arnasguneetatik kanpo bizi direnengana iristeko asmoa ere badauka, arnasguneen errealitatearen ezagutza eta herri hauek euskararen biziraupenean duten garrantzia azpimarratzeko eta errekonozimenduan jartzeko.

Kanpaina dinamikoa izango da, batez ere sare sozialen bidez garatuko delako, eta herritarren interakzioa sustatzea izango duelako xede. Bide horretan, astero-astero zozketak egingo dira kanpainan zehar sare sozialetan aurkeztuko diren edukiak gertutik jarraituko dituztenen artean.