Arnasa Gara kanpainaren oinarria den «Kartzela» serie digitala Durangon aurkeztuko da

Arnasa Gara kanpainaren oinarria den «Kartzela» serie digitala Durangon aurkeztuko da

‘Kartzela serie digitalaren aurkezpenarekin hasiera emango diogu abenduaren 6an Durangon, ‘Arnasa Gara’ kanpainaren bigarren faseari.

11:30ean EITBren gunean izango dira proiektuaren sustatzaileak, ekoizleak eta aktoreak. 12:30ean, berriz, EITBk eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak Irudienean aurkeztuko dute ‘Kartzela’ eta Iametza komunikazio eta teknologia enpresak ‘Arnasa Gara’ kanpaina orokorraren baitan kokatuko du ikus-entzunezkoa.

Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzi du Kartzela serie digitala, EITBrekin elkarlanean. Zazpi ataleko lana izango da, eta abenduaren 9tik 15era zintzilikatuko dira EITBren Nahieran plataforma digitalean eta www.kartzela.eus webgunean. BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak (udalerri euskaldunak eta arnasguneak bereizteko ez dago marra zurrunik, baina oro har euskararen ezagutza zein erabilera %80 ingurukoa duten udalerri euskaldunak hartzen dira arnasgunetzat). BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Horretan ari direla sortuko dira lehen galderak: zenbat egunez iraun beharko dute BEC barruan? Nola moldatuko dira hain izaera desberdina duten sei pertsona elkar ulertzeko? Kasualitatea izan ote da ala beraiek hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat dago?

Erika Olaizola, ‘June’; Ainhoa Etxebarria, “Garazi”; Iratxe Urkiaga, “Mara”; Juanen Saralegi, “Juan”; Sambou Diaby, “Iba” eta Amaiur Epher, “Ekhi” dira Kartzela serie digitaleko protagonistak. Arnasgunetako herritarrak dira guztiak: Azpeitia, Ondarroa, Lekeitio, Lesaka, Zumaia eta Donibane Garazi, hurrenez hurren, eta tokian tokiko euskalkian aritzen dira. Aktoreak aukeratzerakoan, euren jatorria, herria, arnasgune bat izatea lehenetsi dute zuzendariek, Arnasa Gara kanpainaren barruan ekoitzi baita serie digital hau. Nahiz eta gidoia euskara batuan idatzita egon, aktore bakoitzak askatasuna izan du bere jatorrizko euskaran modu naturalean aritzeko.

Arnasa Gara kanpainarentzat egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia. Arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi duen kanpainaren  helburuak ez ezik, iruditegi kolektiboa aldatzea eta erreferenteak sortzea ere hartu du helburutzat serie digitalak. Honako gai hauek lantzen ditu:

  • Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak
  • Euskara eta euskal kultura, berezkoa duen neurrian, bereziki baloratzen ez duen gaztea VS jarrera kontzienteagoak
  • Beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak. Haiek bizi dituzten egoerak, integrazioarentzat oztopo direnak.
  • Arnasguneetako herritarrek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna.
  • Ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera.
  • Hitanoaren erabilera eta generoa.
  • Pertsonaiei dagokienez, aurre egiten diete aurreiritziei: arnasgunetakoak dira, baina askotarikoak, eta horrek argazki aberats bat ematen du, topikoak hautsiz.

‘Arnasa Gara’ kanpainaren bigarren fasea

Durangoko aurkezpenarekin ‘Arnasa Gara’ kanpainaren bigarren faseari hasiera emango diogu.

Kanpainaren lehen fasean, mezua arnasguneetako herritarrei helarazi nahi izan zaie, eta komunikazio kanpaina eta herrietan egin diren aurkezpen ekitaldiak izan dira baliabide nagusiak. Bigarren fasean, berriz, arnasguneen garrantziari buruzko mezua gainerako euskal herritarrengana helarazi nahian, ‘Kartzela’ serie digitala izango da bitarteko nagusia.