Urriaren 3an 19:00etan ARNASA GARA kanpainaren barruan, herritarrentzako lehen aurkezpen saioa egingo da Azpeitian

ARNASA GARA kanpainaren baitan urria eta azaroa bitartean Euskal Herriko 22 udalerritan herritarrentzako aurkezpen irekiak egingo dira. Ekitaldi horietan primizian erakutsiko dira bertako eta inguruko herritarrentzat, abendutik aurrera kaleratuko den eta arnasgune diren sei udalerri desberdinetako pertsonak protagonista izango dituen ‘Kartzela’ serie digitaleko lehen bi kapituluak. Horretaz gain, gerturatzen diren herritarrekin arnasguneen garrantziari eta errealitateari buruz hitz egiteko aukera ere izango da aurkezpen ekitaldi horietan.

Azpeitia izango da ARNASA GARA aurkezpen tourrari hasiera emango dion herria. San Agustin Kulturgunean izango da zita, urriaren 3an 19:00etan. Saioaren amaieran mokadu bat hartzeko eta elkarrekin solasteko aukera ere izango da. Hurrengo egunean berriz, urriaren 4an, ARNASA GARA Orexan aurkeztuko da, gaueko 10:00etan herriko Elkartean.

Haur, gazte zein helduei luzatzen zaie gonbidapena aurkezpen ekitaldi hauetara bertaratzeko. Agenda osoaren informazioa sare sozialen bidez eta webgune honen bidez jaso ahal izango da.