Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta UEMAk ARNASA GARA ekimena aurkeztu dute, euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ARNASA GARA ekimena aurkeztu dute gaur, irailaren 30ean, Azpeitiako San Agustin Kulturgunean. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz. Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da. Horretarako urria eta azaroa bitartean Euskal Herriko 22 udalerritan bertako eta inguruko herritarrentzako aurkezpen saioak egingo dira. Ekitaldi horietan primizian erakutsiko dira abendutik aurrera kaleratuko den eta arnasgune diren sei udalerri desberdinetako pertsonak protagonista izango dituen ‘Kartzela’ serie digitaleko lehen bi kapituluak. Horretaz gain, gerturatzen diren herritarrekin arnasguneen garrantziari eta errealitateari buruz hitz egiteko aukera ere izango da aurkezpen ekitaldi horietan. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute.

Gaurko prentsaurrekoan proiektua babesten duten erakundeetako ordezkariak izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea. Halaber, ekimen honetan parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta, Azpeitiako alkatea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; eta Lierni Altuna, Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneek daukaten garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.