Irailean hasiko da Arnasetik bideosormen lehiaketa

Irailean hasiko da Arnasetik bideosormen lehiaketa

Arnasetik bideo sormen lehiaketa da, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendua (LH-5etik DBH-4ra). Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatutako ekimena da, eta udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztu nahi du. Gaur egungo gazteen komunikazio-hizkuntzara eta teknologia berrietara egokitutako lehiaketa da, eta teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak landuko dira. Hala, euskaraz ekoiztutako ikus-entzunezko piezen eta sormen lanen erakusleiho bihurtuko da Arnasetik.

Gazteen etorkizunerako begirada sortzaileak pizteko asmoarekin, lehiaketan modu ezberdinetan parte-hartzeko aukera egongo da eta kategoria ezberdinetako sariak egongo dira. Arnasguneetako 10-16 urte bitarteko edozein sortzailek har dezake parte Arnasetik programan, aurrez aipaturiko formatu ezberdinetan (modu partikularrean, taldeka edo ikastetxearekin).

Kategoriak

Adinaren arabera sailkatutako hiru kategoria daude eta kategoria bakoitzak aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izango dira.

A kategoria: LH 5-6
Formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) sormen lana ekoiztu LHtik DBHra pasatzeak suposatzen duen emozio/hizkuntza ohitura/egoerak islatzea.

B kategoria: DBH 1-2
Julen Portillok egindako bideoa ikusita antzeko ikus-entzunezkoa sortzea youtuber estiloan.

C kategoria: : DBH 3-4
Hiru Damatxok egindako bideoan agertzen diren galderei erantzungo dion bideoa sortzea, elkarrizketa irudikatuko duen formatuan.

Euskara izango da lehiaketara aurkezten diren lanetan erabiliko den hizkuntza, bideo-istorioen elkarrizketak edo off ahotsa erabiltzen badira. Ikus-entzunezko lanek gehienez 2 minutu iraungo dute. B eta C kategorietan bideoa formatu horizontalean grabatu beharko da. Edizioa eta post-produkzioa ere nahi diren programekin egin daitezke. Betiere, hobetsi egingo dira HD formatuan, progresiboan grabatutako eta muntatutako lanak.

Epeak

Arnasetik lehiaketak ondorengo epeak izango ditu eta parte-hartzaileak horietara mugatu beharko dira:

  • Arnasetik lanak aurkezteko azken epea: urriak 5.
  • Ikuslearen saria bozkatzeko epea: urriak 14-20.
  • Sari banaketa ekitaldia: urriak 28, Villabonako Gure antzokian.

 

Sariak

2.000 euro egongo dira 4 kategorietan banatuta. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du.

  • A kategoriako lanik  onena, LH 5-6 (500 euro).
  • B kategoriako lanik  onena, DBH 1-2 (500 euro).
  • C kategoriako lanik  onena, DBH 3-4 (500 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).